Tourraren erritmo berean, atzerriko talde asko Donostian dira dagoeneko
Egunak aurrera doaz, eta Donosti Cuparen hasiera gero eta gertuago dago. Hori dela eta, kanpoko talde asko dagoeneko Gipuzkoako hiriburura iritsi dira, eta batzuek hiria ezagutzeko aprobetxatu dute eguna.
Frantziako Tourra bezala, Donosti Cup ere gurpil gainean doa, eta Pogačar, Vingegaard eta beste guztiekin batera, atzerriko talde asko Donostiara ailegatu dira. Asteburuan etengabe lurreratu dira Estatu Batuetatik, Japoniatik, Latinoamerikatik eta beste hainbat lekutatik etorritako hegazkinak, gaur Frantziako Tourraren bigarren etapa hartuko duen hiriari kolore gehiago emanez.
Donosti Cupeko antolatzaileen eskutik, ISL Team, Mexikoko Gladiadoreak edo Mendebaldeko Saharako Selekzioa bezalako taldeei oso harrera ona eman zaie. Talde askok hiria bisitatzeko eta jarduera ezberdinak egiteko aprobetxatu dute gaurko eguna. Horren adibide izan da ISL Team talde estatubatuarra, Reale Arenako tourra osatzeko aukera izan baitute. Beste batzuek, aldiz, entrenatzea edo lagunartekoak jokatzea nahiago izan dute, txapelketaren hasiera ahalik eta ondoen prestatzeko.
Gaur arratsaldean eta biharko egunean zehar azken taldeak helduko dira. Hau hastear dago, eta gogo hori parte-hartzaile guztien aurpegian antzeman daiteke.