Donosti Authentics Cup, adimen desgaitasuna duten pertsonen inklusioaren eta parte-hartzearen alde borrokatzen duen txapelketa
Uztailaren 4an eta 5ean, Donosti Authentics Cup txapelketako partidak jokatuko dira Zubipen (asteartean) eta Miniestadioan (asteazkenean). Bestalde, asteazkenean “Authentics Day” ospatuko dugu guztion artean Reale Arenako Fan Zonean.
Denok ezagutzen dugu Donosti Cup, urtero Donostian ospatzen den gazteen nazioarteko futbol txapelketa. Urteak pasa ahala, txapelketa hau hazten joan da eta bere oihartzuna areagotu egin da, Europako gazte mailako futbol txapelketa garrantzitsuenetako bat bilakatuz. Baina oihartzun handia duen arren, bada hain ezaguna ez den kategoria bat, hein handi batean, duela hiru edizio sortu zelako. Donosti Authentics Cup txapelketari buruz ari gara, desgaitasun intelektuala duten jokalariek parte hartzen duten txapelketa, eta helburu nagusia parte-hartzaile guztien artean kirol egokitua sustatzea da.
Txapelketa hau aurrera eramateko Orona Fundazioaren laguntza ezinbestekoa izan da, hura baita "Authentics Day" egunaren babesle nagusia. Donosti Authentics Cuparen bidez, aukera paregabea eskaintzen zaie adimen desgaitasuna duten kirolari gazteei beren talentua eta futbolarekiko zaletasuna erakutsi dezaten. Gizarte-berdintasuna sustatzeko eta zoritxarrez gaur egungo gizartean ditugun aurreiritzi batzuk ezabatzeko modu oso aproposa da txapelketa hau. Horrela, Donosti Cupek ere desgaitasun intelektuala duten pertsonen inklusioaren eta parte-hartzearen alde borrokatzen du.
Donosti Authentics Cupen hirugarren edizio honetan, partidak uztailaren 4an eta 5ean jokatuko dira. Asteartean Zubipen (Hernani), eta asteazken arratsaldean, aldiz, Miniestadioan. Parte hartuko duten taldeei dagokienez, berrikuntza bat izango dugu, Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko taldeek hartuko baitute parte. 2023ko edizio honetan, Reala eta Eibar izango dira bertako talde bakarrak, eta Iparraldetik, berriz, Entente Basquek eta Olagarroa deituriko taldeak bisitatuko gaituzte. Azkenik, Newcastle United (Ingalaterra) eta Gladiadores Especiales de Toluca (Mexiko) taldeek ere parte hartuko dute. Irabazlea edozein dela ere, partaide guztiak irabazle izango diren futbol txapelketa batez gozatzeko aukera izango dugu.
Uztailaren 5ean, arratsaldez, “Authentics Day “ egunaz gozatu ahal izango dugu Reale Arena inguruan kokatuta egongo den Fan Zone gunean. Partiden amaieran, 19:00ak aldera, sari banaketa egingo da, eta amaitzean, musika emanaldiak hasiko dira. Festa paregabea izango da lagunekin eta senideekin gozatu ahal izateko, futbol partidei, tailerrei eta musika emanaldiei esker. Egun polit honetan benetako protagonistak adimen desgaitasuna duten pertsonak izango dira.